
Larunbatean Burunda frontoian bizitakoa Sakanako egoerari buelta emateko abipauntu bat izan zen. Bertan landatutako haziek etorkizuneko Sakanan loratuko direlako balorazioa oso positiboa egin dute parte hartzaileek. Aurreikusitako kopurua gainditu ezezik, 85 lagun izan ziren parte hartzaileak, Goizean goiz Sakantzen sarea aurkeztu eta sarean aritzeak dauzkan abantailak azaldu ondoren, parte hartzaileen nahiak ezagutzeko aukera izan zen. Nabarmentzekoa da 85 parte hartzaileen ilusioa eta ekintzarako nahia. Lantalde ezberdinetan banatuta, Sakanako egoerari buelta emateko ideia eta proiektuak definitzen hasi ziren, bakoitzak gehien gustuko zuen arloan. Ondoren, Sakanako Garapenerako lehen jendarte topaketan, manifestu bat eta Sakanako 1. Egitasmo berritzailea aurkeztu ziren, ondoren irakurri ahal dituzuenak.
Lantalde bakoitzak, dinamizatzaile baten laguntzarekin interes komunak partekatzen hasi ziren eta teknika ezberdinak erabiliz, bakoitzak bere lan esparrua definitu ahal izan zuen. Interes anitzetatik hauek izan ziren sorturiko lan taldeak:
-Turismoa
-Ondare materiala eta ondare ez materiala
-Aholkularitza Juridiko ekonomikoa
-Multimedia komunikazioa
-Artea eta musika
-Berziklapena
-Nekazaritza ekologikoa
-Kirola
-Elkartasun egitasmoak garatzeko taldea
-Energia berriztagarriak
-Formakuntza
Lan talde bakoitzak bere egitasmoen berri eman zuen plenarioan eta honela amaiera eman zitzaion topaketaren 1.zatiari. Antolatzaileek diotenez, larunbatetik aurrera lan talde hauek haien dinamika izango dutela lanean jarraitzeko eta horretarako koordinatzaile baten izendapena egin zela.
Amaitzeko, hona hemen Sakantzen sarearen azken erreflexioa: “Egun historikoa izan da gaurkoa. Sakanatik eta Sakanarako sortu den egitasmo bat erein da gaurkoan eta behar batetik sortutakoa izan dela nabarmendu nahi izan dute. Egoera honi buleta emateko beharra dagoelako, sakandarron garaia iritsi da.”
0 Comments