Altsatu Altsasu! hitzaldi eta jardunaldi zikloa hastear dago jada. Berez apirilaren 20ean zen hastekoa Sanchez Gordilloren hitzaldiarekin, baina azken orduko agenda arazoengatik ezin izan zen etorri. Hori dela eta, bihar hasiko da lehen hitzaldia, hurbileko esperientzien inguruan. Pavel Viñas Oiartzungo hautetsi ohia eta Txiki Iriarte Irurtzungo alkatea izango dira hizlariak eta bi herrietan izandako esperientziak trukatuko dituzte bertaraturiko jendearekin. Asteazkenean, 19:00etan Iortia Kultur Gunean izango da.
Hitzaldiek ostegunean jarraituko dute, Latinoamerikako esperientziekin. Luismi Uharte Pozas UPVko irakaslearen eskutik, Latinoamerikan orokorrean eta Venezuelan espezifikoki kontzeju komunalen esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu. Hitzaldi hau ostegunean, maiatzak 3 izango da, 19:30etan Gure Etxea eraikinean.
Altsatu Altsasu!ren gainontzeko datak maiatzak 9 eta maiatzak 12 izango dira, baina informazio zehatzagoa emango dizuegu data iristen doan heinean.
Hurbileko esperientziak: Oiartzun eta Irurtzun
Irurtzun eta Oiartzun hurbileko bi herri dira eta pasa den legegintzaldian herri partehartzearen inguruko bi proiektu jarri zituzten abian. Irurtzunen, 2001. urtean, eta Porto Alegre (Brasil) eta Las Cabezas (Sevilla) bezalako lekuetako esperientziak jaso ondoren, bizilagunen ekimen bat sortzen da, instituzio eta partidu politikoetatik at, herri partehartzearen inguruko esperientzietan sakontzeko. 2010eko irailean, taldeak Irurtzungo lehen aurrekontu partehartzaileak lortzeko prestaketa lanak hasten ditu. Prozesu honek, “Bi ahizpen pasealekuaren konponketa” proiektua aukeratu zen, udaletxeak aurrera eraman zuena.
Oiartzunen, herritarrek Hirigintza afera publikoetan esku hartzeko duten eskubidea sustatzeko, hots, bai pertsonei indibidualki dagokionean, hala nola talde gisa jarduten dutenei, 2007.urtean Oiartzungo Udalak Hirigintza Planeamendurako Aholku Batzordea osatzea erabakitzen du. Herriko Planeamenduko Aholku Batzordeak izaera aholku emailea eta kolegiatua izango du, hirigintza-estrategiaren planifikazioan esku-hartze soziala eta herrian garapen iraunkorra bideratzea eta bultzatzea uztartuko duena.
Partehartze esperientziak Latinoamerikan
1998tik aurrera Venezuelako Errepublika Bolivarianoan bultzatu diren aurrerapen sozial eta ekonomikoek bertako herri sektoreen alde egin dute eta hauxe dute oinarri: herriari historikoki kendu zitzaiona itzultzea. Eguneroko bizitza baldintzatzen duten alor guztietan erabakitzeko eskubidea lortzea da euren apustu politikoa. Horrela, azken hamarkadan zehar auzo, herri zein eskualde mailako egiturak sortu dituzte herri boterean oinarrituta, herriak dituen beharren arabera ondasun publikoak autogestioz kudeatzeko helburuarekin. Beste kontinente baten urruntasuna tarteko, hori ez da zailtasun izango herri boterea nola instituzionalizatu duten eta nola lan egin duten ezagutzeko, beti ere herritarrarekiko erabateko hurbiltasunaz.
0 Comments