Kima euskara taldeak antolaturiko Testu bazka-ren otsaileko bigarren saioa bertan da. Otsailaren 23an izanen da, asteazkenarekin, 19:00etan Gure Etxea eraikinean (2. solairuan, mahai beltza duen gelan). Otsaileko bigarren saio honetan Lourdes Oñederraren "Anderson anderearen gutizia" lana ezagutzeko aukera izanen da.
Testu bazka-n biltzen diren dozena erdi literatur zaleen taldera biltzeko gonbitea luzatu dute antolatzaileek.
Testu bazka euskarazko literaturan barnako bidaia bat da. Kima euskara taldeak proposatzen dizuna lagundutako irakurketa bat da. Bildutakoen artean euskarazko testu labur bat irakurtzearekin hasten da saioa. Oraingo honetan Lourdes Oñederrarena. Ondoren, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen gara. Ordu eskas bateko iraupena besterik ez du literatur dosi ederrak.
Testu bazka-rako ez da literatur ezagutza espezifikorik behar, ezta prestaketa berezirik ere. Saiora hurbiltzen denak euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera izanen du. Horretaz gain, ez da etxerako lanik izanen, ez dago irakurketa beharturik, saioak ez dira oso luzeak izaten eta saio guztiak independenteak dira. Guztiak dira abantailak. Anima zaitez.
Kima euskara taldeak dei egiten die irakur zaletasuna dutenei, literatura maite dutenei, idazketaren sekretuak ezagutzea maite dituztenei edota euskaraz hitz egin nahi duten guztiei: parte hartu! Eskertuko genizueke, aldez aurretik izena ematea, antolakuntza errazteko. Non? Altsasuko udal liburutegian, Itsasi euskaltegian edota altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidean izena emanen bazenute, antolaketa errazteko. Horretarako hilaren 22ra arteko epea dago.
0 Comments