Altsasuko hautetsi independentistek (Arantza Bengoetxea, Juanjo Goikoetxea eta Raul Barrena) udal kontsulta irekia egingo dute ekainaren 11ean. Hurrengo dokumentua buzoneatu dute herri guztitik zehar, azkeneko 3 urteetan udalean egin duten lana aurkezteaz gain ekimenaren aurkezpena egiten dutelarik:
Jaso ezazu agur bero bat Arantza Bengoetxea, Juanjo Goikoetxea y Raúl Barrena Ezker Abertzaleko zinegotziengandik. Zure bozka guri eman izan edo ez, gure ideiekin bat etorri ala ez, egungo legegintzaldiaren baitan gure udal ibilbidea errepasatzea eta zurekin konpartitzea gustatuko litzaiguke:
2007 – 2009: NaBaik eta PSNk sinatutako hitzarmenak, Ezker Batuaren adostasunarekin, Tokiko Gobernu Batzordean sartzeko betoa ezarri zigun.
2008 – 2010: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanporatu gintuen eta zinegotzi no adscrito bihurtu ginen (gainerako zinegotziek dituzten eskubide gutxiagorekin).
Gaur egun: UPNk, PSNk eta Ezker Batuak bere jarrerekin baztertu egiten gaituzte, erabaki baitute gure batzordeetara (Emakumea eta Gazteria) ez joatea. Horrek altsasuarrengan daukan kaltea ebazteko, alkatetzari (NaBai) neurriak hartzea eskatu diogu. Zinegotzi horiek, besteok bezala, batzarretara agertzeko beharra daukate (herritarren ordezkariak baitira eta horregatik kobratzen baitute!).
Ikusten duzunez, ez dugu baldintza aproposik eduki udaletxean lan egiteko. Hala ere, oso zail jarri diguten arren, 2007an aurkeztu genuen Herri Programako konpromisoak betetzeko ahalegin guztiak egin ditugu, herriarekiko dugun konpromisoa betetze bidean.
Herri Programan genion alkatetza lortuz gero (200 boto inguru falta izan zitzaizkigun) herri batzarrak egingo genituela auzoz auzo. Alkatetza izan gabe ere eta aipatutako arazo guztien gainetik, hurrengo proposamena egin nahi dizugu: Ezker Abertzaleko zinegotzien agerpen publikoa galdera irekien bidez (“Tengo una pregunta para usted” telesaioko formatuaren antzera). Udal gaien inguruko galdera bat pentsa ezazu eta aipatu zinegotziei zuzenean galdetzeko aukera izango duzu. Iortia Kultur Guneko zinema aretoak denbora mugatua duenez, ekartzen dizkiguzuen galdera guztiak (zeurea barne) 18:30etik 19:00etara jasoko ditugu. Galdera guztiak ordenatu ondoren, 19:00etatik 21:00etara galderak banan-banan erantzungo ditugu, galderaren egileari hitz emanez. Ordena mantendu arren, aurkezle batek gidatuko du ekitaldia. Hori baino ez. Hurrengo atalean, zure galdera egiteko tartea uzten dugu.
0 Comments